Gau amaigabea
2011 - martxoa - 22, 11:04
Zapatu bat lagunekin emateko toki ezohikoa. Gelan dauden lau neskak lurrean eserita daude, lauki antzeko bat osotuz. Gelak lau bat metro ditu zabalera eta bost inguru luzean. Etxeko jangela zela ematen du. Orain ordea, ez du funtzio hori betetzen edo ez bereziki: gela erdian egon ohi zen mahaia gelaren alde batean baztertuta dago eta alfonbra lodi batek estaltzen du gelaren azalera gehiena. Alfonbraren gainean eserita daude neskak. Atetik barrura begiratu ezkero, mahaia bazterturik dagoen horma ezkerraldekoa da. Atea dagoen paretak liburutegi txiki bat dauka bere biluztasunaren zaindari. Lurretik sabairaino iristen da liburutegia eta era guztietako izenburuak ditu. Gela leiho bik osatzen dute: bata liburutegiaren aurrez aurre dagoen horman eta bestea mahai baztertuaren gainean. Eskuinaldeko horman ehiza koadro bat agertzen da. Hormak zuriz daude margotuta eta igartzen da baserri batekoak direna: horma sendoak ematen dute. Sabaiak ere baserri batekoa ematen du: hage ilunen gainean oholak ikusten dira, polito eta txukun bata bestearen ondoan jarrita, paretek ematen duten babesa osatzen. Neskek elkarri begiratzen diote. Koadrilako mutilek bertan itxaroteko esan diete, gaur eurek egingo dutela egin beharreko guztia: “Zuok gaur lasai-lasai gozatu”. Gainera, sorpresa bat egongo dela zin egin diete. -Ez dira ezer txarrean ibiliko ez?- dio nesketako batek. -Ziur haiei gustatzen zaizkien txantxa horietako bat izango dela- bigarrenak. -Ez dut uste, ez lukete hainbeste lan egingo guri putada bat bakarrik egiteko… -Agian putada eta zerbait gehiago izango da… Neskak horretan dabiltzala, gelako atea zabaltzen da eta mutil bat sartzen da, irribarretsu. Bandeja zabal batean zazpi baso dakartza izotzekin. -Destornirik bai polittak?- galdetzen du irribarrea oraindik ere aurpegian duelarik. Neskek baietz erantzuten diote. Atea berriz ere zabaltzen da eta beste mutil bi sartzen dira. Batek laranja koloreko isuri batekin betetako sekulako pitxerkada darama. Gertutik begiratuz gero, pitxer bat izateko handiegia dela konturatuko ginateke; etxe hartako tresnak ezagutu ezkero, sukaldeko lorontzia dela igarriko genuke. Bigarren mutilak lurretik gerriraino iristen zaizkion plastikozko poltsa handi bi daramatza. Ez du ematen pisu handirik dutenik, erraztasunez mugitzen baititu. Azkeneko mutilak poltsak zabaldu eta kuxin handi batzuk lurrera erortzen uzten ditu. -Erosoago egoteko! Pozik, bakoitzak kuxin bat hartzen du eta bere gainean esertzen da. Neska batek eta poltsak zekartzan mutilak bina hartzen dituzte. Oraindik bospasei geratzen dira erabili gabe. Beste bi mutilek destornia edalontzietan botatzeari ekiten diote. Batak betetzen dituen heinean, besteak borobilean eserita daudenei pasatzen dizkie. Edariarenganako lausenguak entzuten dira borobiletik: -Gozoa gero! Fresko-fresko izotzekin gainera! -Polito egiteko laranjatxoa ere badauka! Ziur laranja erdiak gastatu dituzuela apaingarrietan, ondo irten zaizkizuen arte! Noren ideia izan da?- nesken aldetiko horzkada. Barre egiten dute denek. Zirkuluan eserita dagoen mutilak erantzuten du: -Beno, beno, sobran ditugu laranjak… Gainera laranjek ez dute sentimendurik, zientzialariek ikertu dute- botatzen du ironiaz. -Uuuh… Hemen “laranjaitor” dabil berbetan, kontuz gero! Berriro barreak. Bi mutilek isuria basoetara botatzen bukatzen dutenean, lurrean esertzen dira, bakoitza kuxin baten gainean. Destornia edalontzietara botatzen zegoen mutilak hormaren kontra eusten den sofa baten antzekoa egiten du lau kuxinekin eta bertan esertzen da. Leihotik sartzen ziren udako arratsaldearen azken argi-izpiek denon trazak aldatu eta edertzen dituzte. Lasaitasuna da nagusi, azterketak bukatu eta gutxira izan ohi den erako lasaitasun hori. Gaztetasunaren edertasun purua antzeman daiteke haien aurpegietan. Batak besteari begiratzen diote denbora batez, ezer esan gabe. Isiltasunaz gozatzen dute inork eskatu gabe. Irribarreak, begirada galduak, sentipen ezkutatuak… gazte izatearen yin-yang-a bueltaka dute haien gainean, baina denek eta guztiek gozatzen dute hartaz: bai zuriaz eta bai beltzaz. Baserria mendialdeko auzune txiki batean dago kokatuta. Urrun dira hiriko zaratak, kotxeak eta unibertsitateak, eta inferentziaz, urduritasuna eta kezkak. Hamar bat minutu eman behar dira gertueneko herritik baserriraino kotxez, aldapa gora denbora osoan, gero eta ingurune basatiagoan murgilduz. Bidearen puntu batean auzunea agertzen da, haraneko puntu altuenetariko batean. Bertatik haran guztia ikus daiteke: pinudi zabalak, larre berdeak, behiak, ardiak, mendiak… dena hain urrun gelditzen da hemen… Eguzkia mendien atzean ezkutatzeko pixka bat falta da oraindik, eta neska mutilek, gelako leihoa zabalik, udako egun hartako azken argi izpiez gozatzen dute. Izpiok haien gorputza eta arima berotzen dituzte alkoholaren laguntzaz. Honekin batera, larreak eta basoak ikusteak, txorien kantu urrunek… josi egiten dituzte haien bihotzak. Bata bestearengandik hurbilago sentitzen dira, poztasun eta bake sentsazioa guztiek batera igartzen dutela baitakite. Momentu horrek betiko iraungo du haien oroimenean. Baserrian ez dago internetik. Ez ordenagailurik. Ez bideojolasik. Ez dago tabernarik hurbil. Neska mutilek honetaz eta hartaz hitz egiten dute pozik, inongo kezkarik gabe. Barreak entzuten dira noizean behin. Istorio zaharrak, mila aldiz entzun direnak. Mila eta batgarren aldiz egiten dute barre haiekin. Lehenengo edaria bukatua dute denek. Kuxinezko sofan dagoen mutilak beste erronda bat ateratzen du denentzat. Aurrekoa baino eskasagoa erronda, lorontzia hustu egin baita. Edari gutxien duten edalontziak gehien dutenekin betetzen ditu. Amaitu ostean berriro banatzen ditu. Beste isiltasun gozo bat dator orduan. Hau ere aurrekoa baino laburragoa. Bandeja ekarri duen mutilak hartzen du hitza: -Zergatik ez ditugu istorioak kontatzen gainerakoak datozen bitartean? Kexu batzuk datoz orduan: -Ez, beste gauza bat egin dagigun… -Nik ez dakit istoriorik! Guztiak batera hasten dira hizketan. Mutilak, pazientziaz berriro egiten du berba: -Beno, bakoitzak zerbait kontatuko du: istorio bat, txiste bat, igarkizun bat edo esperientzia bat, berdin da. Ni hasiko naiz adibidez? Neska mutilek baiezko antzekoa ematen diote isiltasunez. Egiteko beste ezer ez izateaz aparte, nekatuta daude kurtsoa amaitu ostean. Ez dute eztabaidan jarraitzeko gogo handirik. Horregatik erabaki dute gauzak aurrera joaten uztea. Aspertzen badira, beste zerbait egin dezakete. Sei entzuleek haien tokietan erosotasuna bilatzen dute, istorioa aditzeko prest. Kubata edalontziak lurrean daude, erdi edanda. Mutilek manga laburra janzten dute, praka laburrekin denek. Neska gehienek tirantedun kamiseta. Arratsaldeko argiak oraindik ere haien aurpegiak edertzen ditu bandeja ekarri duen mutilak hitz egiten duenean.













