Palisai zuria
JON DERE
-Benetan irrikitan nago nire zai lautada baten erdian hamabi ordu baino gehiago daramatzan gazteak nigandik zer nahi ote duen entzuteko…
Gazteak burua altxatu zuen eta bapatean nondik agertu zen ez zekien elkarrizketakideari erreparatu zion. Egia zen. Pasa zen gauerdia baino lehenagotik zegoen bere arima saltzeko zai, eta eguerdiko hamabiak inguru izango ziren momentu hartan. Gaztea zutitu egin zen, nahiz eta zeruaren goi-goian zegoen eguzkiak horretarako gogo askorik uzten ez zion. Bere etxetik bide luzea egin behar izan zuen honaino etortzeko, gauaren segurtasunean murgildurik. Gauaren hotza jasan eta gero, eguzkiaren beroari aurre egin beharra zetorren, eta egarriak eta nekeak eraginda bere lan guztiak hutsean izan zirelakoan zegoenean, han agertu zitzaion.
Beldurra izan zuen hasieran, etzekielako eroslea nolakoa izango zen, baina behin agertu zenean nahiko lasaitu zen. Pertsona normal bat zirudien egia esan. Zapata beltzak zeramatzan, fraka beltzak eta jaka beltza. Alkondara zuri bat zeraman jakaren azpitik, eguzkitako betaurrekoak aurpegian, eroslearen begirada ez zen sumatzen haien azpian. Ez oso labur moztutako ile beltzak ez orraztuaren itxura zuen, baina hala ere itxura ona ematen zion. Irribarrerdi maltzur bat zuen ahoan.
Gaztea begietara begiratu zuen sakonki. Momentu baten ostean, berriro hitzegin zion:
-Eseri zaitez…nekatuta egongo zara - esan zion jakatik zigarro pakete bat ateratzen zuen bitartean – Nahi al duzu? – esan zion paketearekin bereganako keinu bat eginez.
- Ez, eskerrik asko – erantzun zuen mutilak, esertzen zen bitartean.
Erosleak buruarekin keinu egin zuen, “ondo da” esango balu bezala.
Erosleak zigarro bat piztu zuen esku batekin babestuz.
Zigarroa pixkat erre ondoren eskuaz eutsi zuen gerri ondoan eta infiniturantz begira gelditu zen. Minutu luze baten ondoren, mutilari zuzendu zitzaion:
-Beno, esaidazu zer nahi duzun ba… etxera itzuli nahiko duzu lehenbailehen ez?
-Egia esan, berdin zait, ez dut presa handiegirik…
- Baina zerbait eskatu nahi didazu, ez da hala?- moztu zion erosleak – Denek duzue eskari bera azkenean… Nigana etorri, zeozer eskuratu eta zuen bizitzatxoak apur bat pozago bizi nik eman dizuedana erabiliz. Ez da ba, beste munduko gauzarik, ez?
Azkeneko galderarekin bat, irribarrerdi maltzurra zabaldu zitzaion, eta ahoaren ertz baten pare bat hortz zuri zuri ikusi zitzaizkion. Aurpegikera laster lasaitu zuen ordea, ez zuen gaztea urduri jarri nahi…oraindik behintzat. Zigarroa beste apur bat erre zuen, eta berriz ere gerri inguruan eutsi zuen eskuaz. Zigarroen keak sufre usain ahul bat uzten zuen airean.
-Esaidazu ba, ez izan lotsarik… jakin beharko zenuke sekulakoak entzutera ohituta nagoela…
Gaztea dudan zegoen …bazekien zerbait esaten bazion ez zuela atzera egiteko modurik izango. Baina bere desioak edozein suk baino gogorrago erretzen zuen, itsasorik sakonenak baino gehiago itotzen zuen, eta aukera izanik bere begien aurrean, ezin zuela orain atzera egin ulertzen hasi zen… jada harrapatua zegoela.
-Bihotz bat nahi dut – esan zuen gazteak.
-Bihotz bat? – errepikatu zuen erosleak – Ez du ematen zureak inondiko arazorik duenik…zertarako nahi duzu ba beste bat?
-Badakizu zertaz ari naizen…ez?
Gaztearen dudak areagotzen hasi ziren , ez zekien ideia ona izan bazen hura guztia.
-Bai, bai… badakit zertaz ari zaren – erosleak berriz ere irribarrerdia zuen ahoan – baina hori ez da bihotz bat, hori pertsona bat da gazte… neska bat hain zuzen ere. Baina jakingo duzunez, nik horren inguruan ez dut inondiko botererik… ezin dut neska hori zutaz maitemindu dadila egin; zeren, gazte, eskatzen duzuna ona baita. Bata bestearekin maitemintzea… ona da, hori argi dago. Ez da ez dudala egin nahi, ez da zure arimak horretarako ez duela balio… Ezin dut, ez dago besterik.
Mutilak inor ez zela sentitu zuen bat-batean… honaino etorri eta ezin zuten lagundu. Momentu batez ez zen ezer izan, hutsean desagertu zela igarri zuen. Bere inguruan zegoen airea sentitzen zuen, bere gainean zegoen eguzkiak erretzen zuen, baina bera ez zegoen han. Hura guztia ondo ezagutzen zuen lagun bati gertatuko balitzaio bezala sentitu zen. Ezin zuten lagundu. Instante hori igaro zenean berriz, ondoezak irentsi zuen. Malkoak zetozkion begietara eta kostata eutsi zituen, eztarria ere guztiz itxita zuen eta min itzela egiten zion. Lurrean etzan nahi zen, eta ezer ez sentitu… baina ezin zuen.
Bere ideien mundu ilun hartan bazegoen oraindik argi txikiren bat ordea, eta hura aurkitzen bazuen baliteke aukeraren bat izatea, baina gogoratu egin behar zuen…ondoezak irentsi baino lehen. Argia egin zitzaion bat-batean.
Erosleari begiratu zion… gertatzen ari zen guztia ulertzen zuela ematen zuen, bere buruaren barruan sar zitekeela, eta are gehiago: hurrengo gertatuko zena bazekiela. Bere ahoan zuen irribarre maltzurrak inpresio hori handiagotzen zuen.
-Nik ez dut hori nahi ordea… Nik bere desioa izan nahi dut. Bere begietara begiratzean nire begirada ezin eutsi izatea, eta bere nahi sakonenak badakizkidala ematen duenean koloreak gorritzea eta begirada alde batera jeistea. Hala eta ere begiratzen jarraituko nioke, eta berak hori oso ondo sentituko luke, baina dudak izango lituzke. Ni nahi nau,baina berak ez dakit nik bera desio dudan ala ez. Baina nik berari so jarraituko nuke,eta igarriko luke. Berotuko litzateke, bere arnasa azkartuko litzateke; eta nahiko luke ni haren albora joatea eta han bertan maitatzea, baina lotsaren lotsaz alde egingo luke beste leku batera. Bere zalantzek airean jarraituko lukete, baina baita bere esperantzak ere. Ni bere atzetik joatea esperoko luke. Nik itxarongo dut, bera urduri jartzeko bezainbeste, eta orduan atzetik joango natzaio. Nire zai egongo da, baina beste gauza bat egiten dabilen plantak eginez. Joango natzaio albora, badaki hor nagoena…sentitzen nau, bere arnasa arin doalako igartzen dut. Momentu horretan beste ezeren gainetik desio nau, eta ez da beste ezer egiteko kapaz, baina bere zalantzak airen dirau artean, eta disimulatzen jarraituko du. Oso leunki, apurtzera joango balitz bezela, hartuko diot besoa. Nik bera ikutzearekin batera, bere gorputz osoa gogortuko da,bere arnasak erritmoa guztiz galduko du, berak beste alde batera begira jarraituko du, baina jada badaki harrapatuta dagoela, ezin duela ezer egin, nire mende dagoela, hain handia baita bere desioa.
Momentu horretan mutilak etenune bat egin zuen. Momentua benetan bizitzen ari zela eta hura dastatzen zegoela zirudien.
-Orduan, bere izena esango dut, mugitzen uzten ez duen sorginkeria haustera joango banintz moduan. Eta begiratuko nau begietara. Han ikusiko dut bere desioa, eta kontrolatu ezin denaren beldurra, eta baita nik atzera azken momentuan egingo dudan beldurra. Baina ez dut atzera egingo, musukatu egingo dut, leunki baina gogoz. Bere arnasa sakonduko da hainbeste nahi izan duena lortzean, besarkatuko nau, inoiz joango ez naizen esperantzaz. Nahiko du leku aparte batera eramatea, biok bakarrik egoteko, bertan inoren begietan erori gabe maitatu dezadan. Lapurtuko dut guztien aurretik beraz, eta iluntasunean biluztuko dut, bere nahia berriz ere handitzen doan heinean. Laztanduko dut bere gorputz osoa eta horrela zoratu egingo dut, desioaren desioz hainbat arinen bukatu nahiko du eta. Baina nik laztantzen jarraituko dut, bere arnasak konpasa guztiz galdu arte, guztiz zorarazi arte. Orduan biluztuko dut osorik eta ilargiaren argitan etzanda dagoen bere gorputzaren bistaz gozatuko dut. Geldiune horrek bere desioa handitzen amaituko du, eta bere naia asetzera joango naiz. Eta iluntasunean…bere desioa betetzean, arnashoskan… nire izena bakarrik esatea, ni izango baitnaiz nahi duen bakarra momentu horretan. Hori nahi dut.
-Zuhurra zara gero… gurari “on” bat hartu eta gaua baino ilunago den desio baten bihurtu duzu. Hori egin nezake… baina ez litzateke izango zuk nahi duzuna… oraindik ez zintuzke maiteko, eta azken finean hori da nahi duzuna ez? Berak zure beharra izatea, zuk haren beharra duzun beste…edo gehiago… baina ez zaitu maiteko.
-Baina beharko nau…eta apurka apurka badakit beharrizan hori aldatuko dela, nik bera maite dudalako, eta nire beharra izango duenez, konturatuko da azkenean… utziko ditu beste zeregin guztiak… azkenean maiteko nau, ni haren alboan egongo naizelako.
-Izar gabeko gaua baino ilunagoak dira hitz horiek gazte… ni ere beldurtuta uzteko modukoak…ia ia - erosleak aurpegikera serioa zuen orain- Hori egin dezaket. Palisai zuriaren atzetik joan beharko duzu horretarako.
Mutilak ez zuen ulertzen…bere desioa berehala beteko zelakoan zegoen,baina eroslearen hitzetatik ulertu zuen ez zela hain erraza izango.
Besteak oraindik ere irribarre erdiz begiratzen zion. Zigarroa ahora eraman zuen berriz ere.
-Ulertzen ditut zure zalantzak,gazte… Baina nik nahi duzuna zein norabidetan dagoen esan dezaket soilik, bidea zuk egin beharko duzu… Eta bidean aurkituko duzu nahi duzuna. Baina ez da erraza izango… Bidea luzea eta nekeza izango da- ideia errepikatu zuen.
Konprenitzen hasi zen mutila,baina oraindik ere ez zekien nola ordainduko zion…zer egin beharko zuen,beraz galdetzea erabaki zuen.
-Nola ordainduko dizut?
Erosleak barre egin zuen. Oso barre normala zen, baina arrazoi arraro baten bategaitik, horrek askoz gehiago beldurtu zuen. Barrea gelditu zuenean, bota zuen:
-Uste nuen argi zeneukala… zure arima salduko duzu. Baina hori ezin daiteke horrela, besterik gabe hartu, ala kontratu bat sinatzera zentozela pentsatu duzu? Bidea luzea eta nekeza izango da…-begiarekin keinu egin zion,eta horrek hotzikara bat eragin zion- Hamaika gauza agertuko zaizkizu,eta beste hainbeste zure azalean biziko dituzu…
Pixkanaka pixkanaka zure arima zure gorputzetik banatuko da, eta igarriko duzu. Bidea utzi nahi izango duzu, baina aurrera jarraituko duzu, eskatutakoa nahi duzulako… eta konturatuko zarelako beranduegi dela atzera bueltatzeko.
Badago, beraz, arima ez galtzeko aukera bat beti, eta uste horrek bultzatuko zaitu eta esnaraziko zaitu goizetan, eguna bizitzeko prest. Baina hori ez du inork lortu…inoiz. Guzti guztiek utzi dute dena atzean eta berriz jaio dira, arima gabe.
Gaztea beldurrez hilik zegoen ordurako, ihes egin nahi zuen, baina bere gorputzak ez zuen erantzuten. Indar ezezagun batek eroslearen begietara begiratzen behartzen zuen. Erosleak une batez gaztea begiratu eta jarraitu zuen:
-Utzidazu aholku bat ematen,amaitu baino lehen. Bidea hasten baduzu, aurrera egizu,beti. Damutzen bazara eta zure arima berreskuratu nahi baduzu,ez duzu ez zure nahia beteko,ez zure arima berriz lortuko,eta noraezean ibiliko zara, gizotsoen modura…betirako.
-Gizotsoak ez dira existitzen-esan zuen gazteak,erdi dudaz,erdi beldurrez.
-Noski, noski… gizotsoak ez dira existitzen,ni ez naiz existitzen eta zuk ez zenuke inoiz,inolaz zure arima salduko…horregaitik gaude hemen- barre egin zion aurpegira erosleak,arean barrerik egin gabe- Zoaz palisai zuriaren bila…edo etxera. Nik bidea erakutsi dizut, amaitu dut nire beharra.
Bere begietara begiratzen behartzen zion indarra desagertu egin zen bapatean, eta gazteak lurrera begiratu zuen, eroslearen indarra bere gain ez sentitzeko. Berriz gora begiratu zuenean, han ez zegoen inor.
Mutila dudan geratu zen,izan ere, eroslearen hitzek beldurtu egin zuten; baina nahi zuena lortzeko bidea ere erakutsi zion. Denbora luzea eman zuen han, lautadaren erdian,eguzkipean pentsatzen. Azkenean, zutitu egin zen. Erosleak ondo egin zuen bere lana.
Bide ertzeko zuhaitz ihartu batean txoritxo txiki bat zegoen mutilari begira,bere begi gorriz.
Zuri-zuria zen.