ERNAIKO KIDEEN INPUTAZIOAK DIRELA-ETA
Atzo prentsan filtratutako berrien arabera, Eloy Velasco instrukzio epaileak Ernai gazte antolakundeko sei kide eta Periko Solabarria militante historikoa Audientzia Nazionalean deklaratzera deitu ditu ustez āterrorismoari gorazarreā egitea egotzita. Ezer baino lehen adierazi nahi dugu, ustez deklaratzera deitutako kideetako inork ez duela jaso oraingoz jakinarazpen ofizialik.
Bestetik, albistean filtratutakoaren arabera, Xabier Lopez PeƱari gorazarre egitea da egozten zaien ustezko delituzko ekintza. Kausa horregatik uztaila hasieran deklaratu zuten jada Gotzon Elizburu, Mikel Button, Mikel Moreno eta Irati Sienra kideek.
Ernairen jarrera epaileen galderei ez erantzutea izan zen eta kriminalizazio saikera salatzeko elkarretaratzea egin genuen uztailaren 1ean Irungo Epaitegiaren atarian. Gerora, abuztuaren hasieran izan dugu Maialen Etxeberria, Aitor Anda eta Garazi Mugerza kideen inputazioen berri kausa berdinaren baitan, Ernaiko kide izanda, Gazte Danbadan gertatutakoen erantzule jota. Hauek ere deklaratu dute edo deklaratuko dute hurrengo egunetan Euskal Herriko epaitegietan.
Beraz, gaur gaurkoz, jakinarazpen ofizialik gabe eta zitazioaren arrazoiak zein diren jakin gabe honakoa da Ernaik Espainiako Gobernuari egin nahi dion galdera: zein da euren benetako asmoa? Zer ezkutatzen da ustez āterrorismoari gorazarreā egitearen akusazioaren atzean? Zein da azken helburua?
Udazkenean 80 Euskal Herritarren aurkako epaiketak hasiko dira Madrilen, tartean 40 gazteren aurka. Lan eskema berdinarekin jarraitzen al du Espainiako Gobernuak?
Euskal Herrian irekita dagoen joko zelai berrian konponbidearen alde urratsak eman ditzakeen edozein mugimendu zangotrabatzeko prest dagoela argi erakutsi du honezkero Espainiako Gobernuak. Eta zentzu horretan benetan larria deritzogu Ernairen aurka abian duen kriminalizazio kanpaina honi. Gazteriari dei egiten diogu, oztopoak oztopo, lan politikoarekin jarraitzeko, indarrak biltzen jarraitzeko, hori izango baita Espainiako Gobernua bere posizio atzerakoitik mugiaraziko duen berme bakarra.
Azkenik besarkadarik estuena bidali nahi diogu Periko Solabarriari.
Ernai, 2013ko abuztuaren 22an












