Balaitus; Latour Arrailetik ien, eta Diagonal Handitik jeitsi (3.144 m)
Zelan heldu: Sallent de Gallego herrira iritsi behar da kotxez, eta hara iristerakoan Sarra urtegira abiatu beharra dago. Urtegi inguruan parking-a dago (guk han utzi gendun kotxea), baina pixkatxo bat aurrerago eginez gero beste parking batetara iritsi daiteke; bertan taberna eta guzti dago. Igoera hortik ekingo diogu.
Joan-etorri denbora: Bi egunetan egin genuen. Lehenengo egunean Respomuso aterpetxeraino iritsi ginen, eta han egin gendun lo. Aterpetxera iristeko ordu bi eta erdi behar izan genuen, nahiko erritmo onean. Bigarren egunean igoera eta jeitsiera 9 ordutan egin genuen, atsedenaldiak kontuan hartuta.
Zailtasuna: Ertaina. Kaskoa eroatea derrigorrezkoa da, eta kranpoiak eta pioletak eroatea oso gomendagarria. Latour Arrailak ez dauka zailtasun handiegirik mendi garaietan ibiltzera ohitua dagoenarentzat. Jeisteko, guk Handitik jeitsi genuen, eta, nire ustez, arrisku handiagoa dauka Diagonal Handitik jeisteak Latourretik rapelatzen jeistea baino. Rapelatu ahal izateko, ordea, materiala (pisua) eroan beharra dago, eta  horrelako jeitsieretan esperientzia pixka bat izatea.
Esan beharra dago igoera hau irailaren amaieran egin genuela, horrela Latour Arrailan ez genuen edurrik topatu, neberotxuren bat bakarrik hor inguruan. Aterpetxean lo egiteak ere abantaila handiak ditu, batez ere pisu gutxiago eroatea (beste desabantaila batzuk baita, ondoko oheetako jendearen zurrungak…).
Sarra urtegitik urten, eta Respomusorako bidea jarraitu behar da. Bidea jarraitzea erreza da, ez dago galbiderik. Bidea polita eta erraza da, eta goiz hasiz gero aterpetxera iritsi, eta Gran Facha egiteko aukera dago. Zapatu goizez Getxotik urtenda, zaila da Respomusoko aterpetxera goiz iristea.
Hurrengo egunean goizean goiz esnatu, eta martxan jarri ginen. Frontalak erabili genituen, oraindik gaua zelako. Respomusoko troka (barranco) igo genuen, itoak jarraituta ez genuen Latour Arrailera iristeko  arazorik izan. Arrailera hurbildu ahala edur apur bat agertu zen, eta kranpoiak jantzi behar izan genituen bertara heltzeko. Denbora tarte labur batez kranpoiak erabili, eta barriro motxilan gorde genituen, Latour Arraila igotzeko. Igoera erraza da, baina ez da gomendagarria eskaladan esperientziarik ez duenarentzat, ezta altuerarekin erraz bildurtzen denarentzat. Behin arraila igota, Balaitus tontorrerako bidea jarraitzea besterik ez dago.
Diagonal Handitik jeistea erabakita geneukan, eta horrela egin genuen. Bide nahiko arriskutsua iruditu zitzaidan jeisteko, baina tira, pisu gitxi eroateko asmoagaz ez gendun rapelatzeko materialik eraman, eta Diagonaletik jeitsi behar ginen. Tarte honetan kaskoa eramatea ere derrigorrezkoa da, inguruan dabilen jendeak harriak mugitu baitezakete, eta harriak zure gainera eror daitezke; oso adi eta tentsioan joateko ibilbidea da.
Diagonala bukatuta, Michaud kobaren ondotik igaro ginan, Arrielgo ibonen ondotik Joan, eta azkenik Arrielgo troka jeitsi genuen aurreko eguneko igoerako bidearekin bat egin aurretik. Arrielgo ibonak igarota kontuz ibili beharra dago bidez ez erratzeko. GPSari adi ibili ginan, batez ere, Respomusora itzultzeko bidea guk jarraitu nahi genuen bidea baino hobeto markatuta zegoelako.
Aurreko eguneko bidearekin bat egin ondoren, bidea berriro oso erosoa eta jarraitzeko erraza bihurtzen da, eta ez dogu itzultzeko arazorik izango. Parkingera heldu, eta merezitako atsedenaldia hartu genuen tragotxo batekin.
Mendiko blog frantsez batetan ere agertzen gara!!!
http://cordee64.blogspot.com.es/2013/09/22-09-2013-balaitous-en-boucle.html
TRACKa: http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=5668927
Igoera data: 2013ko iraila.
                   Respomuso Aterpetxea:
Aterpetxeetako ohiko irudia:
Infiernos, Tebarray, Garmo Negro…:
Latour Arrailaren igoera:
Latour Arraila igo ondoren, Balaitus puntara iristeko bidea: